EGUTEGIA CALENDARIO
 
EGURALDIA
 
 
BESTE TELEBISTA BAT
OTRA TELEVISIÓN
 
TELEFONOAK
Andra Mari:
688915256
Abadetxea: 946254915
CARITAS: 946270386
Iñaki:
679 000 259

Joseba:
605 772 020
Amaia:
665 703 365
Aingeru Merikaetxebarria
946275940
628039430
Jesus Zalbidea: 676616715
J. Arrien: 946257948
Pedro Omaetxebarria:
946250201
FORUN Frantziskotarrak
946252001
Jesus Mari Madariaga
629372314
Pedro Urriolabeitia
608583330
José Jabier Idoiaga
620595082
 
   
Klarisak 946250598
Josefinak 946250799
KALTZADA 946250890
   
Merezi dau honei jarraitzeak
Merece la pena seguirles
 
 
LEONARDO BOFF

Clica la imagen para acceder a sus artículos
José I. Gz. Faus, TEÓLOGO
J.I. Gzz. Faus

José Mª Castillo

Juan Masià Clavel
   
PAZKOALDIKO EBANJELIOEN Iruzkina /Komentarioa
  (Las lecturas del día)
   
Pazkoaldiko 4. asteko eguastena
 
San Joanen liburutik (Jn 12, 44-50)
 
Aldi haretan, Jesusek oihu eginez esan eban: «Nigan sinesten dauanak ez dau Nigan bakarrik sinesten, baita Ni bialdu nauanagan ere. Eta Ni ikusten nauanak Ni bialdu nauana ere ikusten dau.
Ni argi lez etorri naz mundura, Nigan sinesten dauanik inor ilunpetan gelditu ez daiten. Nire berbak entzun bai, baina beteten ez dituana, ez dot Nik gaitzesten, ez naz-eta mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baino.
Ni ukatu eta nire berbak onartzen ez dituanak badau nork gaitzetsi: Nik adierazotako hitzak berak gaitzetsiko dau azken egunean; Nik ez dot-eta neure kabuz berba egin; bialdu nauan Aitak agindu deust zer esan eta zer irakatsi. Eta badakit haren aginduak betiko bizia emoten dauala. Holan, bada, Nik esaten dodana, Aitak agindu lez esaten dot».

 
 
 
Ez dago zereginik. Joanen ebanjelioan horixe agertzen dau Jesusek: judeguekaz ez dago zer eginik; eurenean zarratuta bizi dira; bildur dira, eta ezin dabe eurena baino beste ezer ikusi. Esango deutse Jesusek artzain ona dala, atea dala, argia dala, Aitaganako bidea dala... Ez deutsoe jaramonik ere egingo, badaukezelako euren Legea, Profetak, Jauretxea, ohiturak, Jainkoa.
Jesusen antsiak eta oihuak ez dau horixe besterik adierazoten: ahaleginak eta bi eginarren ere, hareen artean ez dagoela zereginik; beste lekuren batera joan behar izando dau bere oihuaz, bere hitzaldiaz, bere irakatsiez. Ez dago entzun gura ez dauana baino gorragorik, edo ikusi gura ez dauana baino itsuagorik...
Nork sinistu daike Jesusengan, horrek norbere usteetatik eta ziurtasunetatik urtetea eskatzen badau? Ez da erreza. Eta zelan sinistu Jainkoak bialdua dala, Jainkoa bere Aita dala, Aita eta biak bat dirala...? Hori sinisteak ohituretarik, usteetatik, badauken siniskeratik urtetea eskatzen dau, eta nor dago norbere uste eta siniskerak, beste barik, izteko prest? Gogorra da Jesusen hitzaldia; larregi eskatzen dau.
Eta nora heldu gura dau Jesusek berak ez dauala inor epaitzen edo gaitzesten esatean? Ze ilunpe eta ze gaitzespen dira Jesusek aitatzen dauzanak? Onartzekoa ete da Jesusek bere buruaz egiten dauan autorra? Mundura etorri dan argia dala dino; bere argi barik ilunpetan dagoela mundua; eta bera onartzen ez dauanak ilunpeen gaitzespena hartuko dauala, ez berak gaitzetsiko daualako, baina bai bere berbeak: Aitak esateko agindu deutson berbeak.
Gertu ete gagoz Joan ebanjelariak Jesusen ahotan jarten dauana onartzeko? Jesus Jainkoak, Aitak, bialdua da; bere berbea da; argia da; bidea da... Jesusengan argitasuna aurkitzen dogu, eta salbamena. Jainkoaren nahia.
   
Pazkoaldiko 4. asteko martitzena
 
San Joanen liburutik (Jn 10, 22-30)
Aldi haretan, Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziran. Negua zan. Jesus tenpluan ebilen, Salomonen aterpean. Inguratu eben juduek eta esan eutsoen: «Noiz arte euki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi».
Jesusek erantzun eutsen: «Esan deutsuet, eta ez dozue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten dodazan egintzek emoten dabe Nire alde testigantza; zuek, ostera, ez dozue sinesten, nire ardietakoak ez zareelako.
Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizia emoten deutset: ez dira betiko galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko.
Hareek emon deustazan nire Aita beste danak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».
 

 

Gogoan hartzekoa da Jesusen hara-hona ibiltea Jerusalemgo Jauretxe inguruan. Ez ziran bere gogoko izango jauretxeko nagusi eta abadeak; baina horrek ez deutso handik ihes ereiten. Hango uretan ere arrantzuan egin gura dau. Zeozeren bila dabil. Jauretxeak zer pentsa emoten deutso. Ala hantxe azaldu daike beste inon baino hobeto orain esango dauana: Jainkoa (Aita) inork ez dauala ezagutzen; harengandik hartutako eginkizun bat daukala eta Aita eta bera bat dirala...?
Neguko hotzean Jesus Jerusalemgo Jauretxe inguruan dabil; harri eta zur eginda daukaz batenbatzuk, eta honeetarikoak galdezka jatorkoz: «Noiz arte euki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi». Zintzoa ete da galderea? Ez ete dago maltzurkeriarik galdera horretan? Batzuk bildur deutsoe Mesiasi, edo haren inguruan batzeari, erromarrek suntsitu egingo leukezelako. Zer bilatzen dabe galdera hori egiten deutsoenek?
Esanda daukatsela erantzuten deutse Jesusek, baina ez deutsoela sinisten. Zer esan ete deutse? Bera zala Mesias? Holangorik inori ez esateko, agindu eutson Pedrori, eta baita bere beste ikasleei ere. Bera ez da jendeak itxaroten dauan, edo itxaroten dauan lango Mesias. Jesusek ez dauz askatuko erromarren joputzatik; Jesuek ez dau jarriko Israel  beste herrialde guztien gainetik; Jesusek beste gauza bat bilatzen dau, eta hori ez da, antza, hareen gogoko. Eta ez deutsoe ulertzen. Argi eta garbi azaldu arren ere, ez deutsoe ulertzen.
Jesusi ulertzeko ez deutsogu berari esan behar azaldu deigula argi eta garbi; geuk argitu behar izango dogu geure barrua, geure guraria, geure asmoak..., eta jarri behar izango geuke Jainkoaren esanetara, gure jokabideak aldatzeko prest, Jesusen artaldeko izateko prest, horretarako beste artzain batzuk bertan-behera itzi behar badoguz ere, edo beste inguru batzuk (Jauretxea, ohiturak, Legea eta abar) itzi behar badoguz ere. Gertu ete gagoz, guk uste dogun ziurtasuna emoten deuskuen ingurok bertan behera izteko, Jesusi jarraitzearren? Uste oneko ete da egin geikeon galderea?
   
Pazkoaldiko 4. asteko astelehena
 
San Joanen liburutik (Jn 10, 1-10)
 
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Bene-benetan dinotsuet: Artegian, atetik barik beste nonbaitetik sartzen dana lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. Honi edegi egiten deutso atezainak, eta ardiek entzuten dabe haren ahotsa; ardi bakoitzari izenez deitzen deutso, eta kanpora ataraten ditu. Bere ardi guztiak atara ondoren, aurretik joaten jake eta ardiek jarraitu egiten deutsoe, ezagutzen dabe-eta haren ahotsa. Arrotzari, ostera, ez deutsoe jarraituko; bestetara, ihes egingo deutsoe, arrotzaren ahotsa ez dabe-eta ezagutzen».
Jesusek adibide hau emon eutsen, baina hareek ez eben ulertu zer esan gura eutsen. Orduan, honan azaldu eutsen Jesusek: «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardien atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziran eta harrapatzaileak; horregaitik, ardiek ez eutseen jaramonik egin. Neu naz atea. Ate honetatik sartzen dana onik izango da, nasai sartuko da eta urtengo, eta aurkituko dau jatekoa. Lapurra ez doa artaldera ostu, hil eta hondatzera baino; Ni, barriz, bizia izan dagien etorri naz, eta bizia ugari izan dagien».

Azaldu egin behar izan eutsen Jesusek berak zer esan gura eban bere aldikoei: ez eutsoen ulertzen. Guk argi egiten ebala berba uste izango dogu, baina geure egunotan ere, ulertzen eta onartzen ete doguz Jesusen berbok, ala geure zalantzak eta ulertezinak daukaguz? Parabola honetan artaldea entzuten dogunean, artaldeko ardi geintekezela, urduri jarten da gure barrua: ez dogu izan gura beste edozein bat gehiago; guk geure burua erakutsi gura izaten dogu; ondo jakin daiela nor nazan; ez naiela edonortzat edo edozertzat hartu; neure izantasuna, duintasuna eta nortasuna daukadaz... Eta hori ez litzateke besterik paraboleari behar ez jakon alderditik begiratzea baino.
Badaukaz paraboleak beste ulertezin batzuk ere; ala gehigarriak dira? Atezaina, Artzaina, Lapurra..., ardiak eta atea dira hemengo irudiak. Eta Jesusek, lehenengo unean, bere burua Artzainagaz parekatzen dau, Lapurraren aurrrez-aurre jarriz. Ondo bereiztu behar dira, ba, zer egiten dauan Artzainak eta beste zer egiten dauan Lapurrak. Eta parabolea honetaraxe doala esan geike; eta ez gu artalde mantso-edo garala esatera.
Eta hasiera horretan Jesus Artzain lez agertzen bada, amaieran Jesusek bera Atea dala dinosku. Artzainak berak ataraten dauz, eroaten dauz, zaintzen dauz..., ardiak; eta bere bizitza emoteraino zaintzen dauz Artzain honek. Baina, ate lez, berak ez dau eginkizunik, geldi dagoela esan geike, ardiak sartu-urten dabizen artean, eta askatasun guztiaz dabiz, gainera, sartu eta urten.
Begiratu deiogun, ba, paraboleari alde horretatik. Hartu daigun atsegin Jesus zelango Artzaina dogun jakiteaz, zelan zaintzen gaituen eta zelan maite gaituen jakiteaz: bere bizitza emoteraino maite gaitu. Baina, gainera, ez dau gure nortasuna, izantasuna, zeregina eta adimena iruntziko, bestetara baino; izantasun osoan izan gaitezela egingo dau, eta askatasun guztiaz sartu-urten daigula egingo. Eta askatasun horrek, ate horretatik igarotean, Jainko Aitagana eroango gaitu.
Hementxe datza, ba, ulertzea edo onartzea... Gura doguna Aitaganako bidean jartea bada, Jesusek zainduko gaitu eta onartuko dogu bere zainketa: bere bizitzea emoterainokoa izango da-ta; eta ez gaitu beste edonora eroango, edo ez dau gugaz Lapur batek egin daiken triskantzarik eta harrapaketarik egingo..., askatasun guztiaz jarriko gaitu Aitaganako bidean, eta ez deusku ere aurpegiratuko atzera-aurrera gabizenik: ulertuko dauz gure atzerakadak, gure hutsegiteak ere...
   
Pazkoaldiko laugarren asteko domekea
 
San Joanen liburutik  (Jn 10, 11-18)
 
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Neu naz artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten du ardien alde. Ez, ostera, morroiak, artzain ez danak eta ardiak bereak ez dituanak; honek, otsoa etorten ikustean, ardiak itzi eta ihes egiten dau; eta otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria jako ardura eta ez ardiak.
Neu naz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni, Aitak Ni ezagutzen nauan eta Nik Aita ezagutzen dodan lez. Nik neure bizia emoten dot ardien alde. Baditut artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk ere; honeek ere erakarri egin behar ditut; entzungo dabe nire ahotsa eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
Horregaitik maite nau Aitak: neure bizia emoten dodalako, barriro eskuratzeko. Ez deust bizia inork kentzen, neure kabuz emoten dot Nik. Neure esku dot emotea eta neure esku barriro eskuratzea. Hori da neure Aitagandik hartu dodan agindua».

 
 

 

Artzain onaren irudi hau eder-ederra izan arren, eta guztiz aberatsa, artzaintza girotik ez gabizenok, eta egungo kultureak barru-barrura sartu deuskuna kontuan hartuta, onargarri baino gehiago alboragarri egiten jaku, eta, beragaz batera, parabolea. Horregaitik litzateke beharrezko bere esanguran hartzea, eta horretarako bere irudi guztiak kontuan hartzea.

Jesusek jendeari zuzentzen deutso berbaldi hau. Eta bere artzaintza iragartean, eta adibide jartean, besteen artzaintza gaitzesten dau. Aldi haretako artzainak (abadeburu eta nagusiak) artzainak barik lapurrak dirala dino. Gogorregia? Behar bada...

Hortxe sartzen da orain bere buruaren propagandea egiten: ardien ardurea dauka, eta ezagutzen dauz, eta maite, eta bizia emoten dau euren alde... Eta artalde horretan ez dagozan beste ardiez ere arduratuta dago. Bizia emon egiten daualako maite dau Aitak. Eta Aitagaz beragaz parekatzen da, bizia emoteko eta barriro hartzeko ahalmena daukalako. Eta Aitaren gogoa zein dan ere esaten deusku: Semeak bere bizia ardien alde emotea.

Berba gitxi behar dauz, ba, Joan ebanjelariak, Jesusen irudia azaltzeko; Aitagazko eta gugazko Jesusen hartu-emonak zelangoak diran azaltzeko; aldi haretako artzainak, artzaintzan barik lapurretan dabizela adierazteko; Jerusalenen dana ez dala amaitzen, eta beste herrialde guztiak ere Jainkoagazko hartu-emonetara deituak dirala agertzeko.

Geure burua agertzea gura dogunok, gu kuntutan hartu gaiezala eta, bizi izateko, behin baino sarriagotan besteak menpean hartzea edo inor hiltea ere bilatzen dogunok, onartu-ezineko parabola lez joko dogu hau; baina Aitaren borondatea ezagutu nahian bagabiz, arazo handi barik ulertuko dogu parabolea eta bilatuko dogu besteekazko hartu-emonetan geure burua besteen alde emotea: bizia emoteraino zerbitzea.
   
Pazkoaldiko 3. asteko zapatua
 
San Joanen liburutik (Jn 6, 60-69)
             Aldi haretan, Jesusen ikasleetako askok esan eban: «Gogorra da hizkera hau. Nork entzun daike?»
            Jesusek, bere barruan oharturik ikasleek marmarka ziharduela, esan eutsen: «Onargaitza al deritzozue horri? Eta Gizonaren Semea lehen egoan tokira igoten ikusiko bazendue, orduan zer? Espiritua da bizia emoten dauana; haragia berez ez da ezertarako. Nik esan deutsuedazan berbak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez daben batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik ekian nortzuk ez eben sinesten eta nork salduko eban. Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor ere Nigana etorri, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».
            Ordutik, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran Haregaz ibili. Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al dozue?» Erantzun eutsan Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe. Eta guk sinestu dogu eta badakigu Zeu zarala Jainkoaren Santua».
 

 

Zer lortu gura dau Joan ebanjelariak hitzaldi hau Jesusen ezpanetan jarriz? Ze girotan dihardu Jesusek? "Beretarrekaz" eztabaidan eta giro latzean diharduala esan geike. Eta gora eta gora doa sukarra, hareik eta eteteraino: «Gogorra da hizkera hau. Nork entzun daike?» —dinoe.
Baina zer da gogorra? Jesusen berbak entzutea? Hari entzundakoa eguneroko bizitzan gauzatzea? Jesusi entzundakoa da gatxa, ala harek esaten dauana eta esan gura dauanaz norbere bizitza aztertzea, eta babesa emoten deuskuzan ziurtasunak zalantzan jartea, eta uste on osoa Jesusengan jartea? Jesusen berbek aukeraketa batera daroaz judeguak, eta hareek badabez euren ziurtasunak (Legea, Moises, Profetak, Jauretxea, Eskaintzariak...), eta Jesusek danak gainditzen dauz... Baina zer eskeintzen dau? Eta bere haragia jan daiela; bere odola edan daiela. Euren ohiturei eta Legeari josita dagozan judeguek ezin daiken gauzea eskatzen dau Jesusek. Jesusek agintzen deutsena egin ahal izateko, lehenengo ta behin, euren ohituren loturatik askatu egin behar dabe euren burua. Eta ahal ete dabe? Erosoagoa ez ete jake egiten euretan jarraitzea?
Hori ikustean, bakarrik geldituko ete dan jakin gura dau Jesusek, eta bereei ere galdetu egiten deutse: «Zuek ere ihes egin gura dozue?» Eta, begira zelango ustea agertzen dauan danen izenean Pedrok: «Norengana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe». Zelango hitz-jokoak darabilguzan! Jesusen berban datza betiko bizia; berbea eta bizia bat dira Jesusengan. Esan eta egin! Noren jokabidea da hori? Sorkuntzan agertzen da Jainkoa esaten, agintzen..., eta esana, agindua gauzatu egiten da. Pedroren autortza honetan Jesus Jainkoagaz parekatuta aurkitu geike, ba.
Jarri daiteke uste on osoa Jainkoa dala uste dogunarengan, betiko bizitza amesten bada eta haren egarriz bizi izan ezkero. Horixe da barruan somatu beharrekoa Jesusi jarrraitzeko: betiko biziaren egarria. Berak emon leigu. Eskatu deiogun.
   
Pazkoaldiko 3. barikua

San Joanen liburutik (Jn 6, 52-60)

    Aldi haretan, juduek eztabaidan ziharduen euren artean: «Zelan emon daikegu Honek bere haragia jaten?»
    Jesusek esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zeuekan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizia dau, eta Neuk biztuko dot azken egunean. Izan ere nire haragia egiazko janaria eta nire odola egiazko edaria da-eta. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauana Nigan dago eta Ni haregan.
    Bizia dan Aitak bialdu nau eta Ni Aitari esker bizi naz; era berean, Ni jaten nauana, Niri esker biziko da. Hau da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena lakoa, hareek hil egin ziran-eta. Ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da».
    Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi eban Jesusek.

 

Egia esan, jan beharra daukagu bizi izan gura badogu. Nahi ta ezkoa da, ba, jatea bizirik irauteko. Baina inor jan behar ete dogu horretarako? Zelan ulertu, bestela, Jesusen berba honeik?: «Bene-benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zeuekan». Ez da harritzekoa, ba, judeguek eztabaidan jardutea, esaldi horren gauzatasunaz, behintzat: «Zelan emon daikegu Honek bere haragia jaten?»
Badirudi, horraitino, biziaren ulermenean dagoela gakoa; ze bizitzaz dihardu Jesusek? Eta bizitza hori izateko zelan jan daikegu bere haragia? Eta, horrez gainera, bere odola ere edan beharra daukagu, betiko bizitza gura badogu izan. Gauzea betiko bizitza da, ba.
Jesusek Aita dala bizia dino; eta bizia dan Aitak bera bialdu dauala, harengandik dauan biziaz munduak bizia izan daian. Hortik dator Jesusen haragia jan beharra. Baina hau ulertu arren ere, judeguek egiten daben galderea hortxe dago: zelan, baina, jan Jesus? Azken Afarira joan behar izango da hau ulertzeko. Behin baino ez entzunda ulergatx egingo jaku Jesus; beharrezko dogu, ba, bere jarraitzaile izatea, eta gauza bat eta beste bat eta beste bat entzutea eta ikustea bere inguruan...
Eta beragaz bat eginda gagozanean ez jaku hain gatx egiten bere berbak ulertzea eta gauzatzea: «hartu eta jan; hau neure gorputza da». Eta ogia besterik ez dana, sinismenean, eta bene-benetan, ha Jesusen haragia da: ogi haretan Jesus berbera jaten dogu, eta berari esker bizi gara bere bizieran.
Sinismen horretan bizi danari igarri egin behar jako; holangoak bere bizikeran agertuko dau Jesus dauana janari. Eta bere inguruan ere zabalduko dau bizikera hori eta egingo dau beste batzuk ere jan daiela Jesusen haragia...
   
Jorrailaren 26a: Sevillako Isidoro Santua

Pazkoaldiko 3. asteko eguena

San Joanen liburutik (Jn 6, 44-51)
 
            Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Ezin da inor Nigana etorri, bialdu nauan Aitak erakarten ez badau. Eta Neuk biztuko dot azken egunean. Honan dator Profeten liburuan: "Jainkoaren ikasle izango dira guztiak". Aitari entzun eta Harek irakatsia bereganatzen dauana Nigana dator. Horrek ez dau esan gura inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak bakarrik ikusi dau Aita.
            Bene-benetan dinotsuet: Sinesten dauanak betiko bizia dau. Neu naz bizia emoten dauan ogia. Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan ere, hil egin ziran. Bestelakoa da zerutik jasten dan ogia: honetatik jaten dauana ez da hilgo. Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia nire haragia da, mundua bizi daiten emondakoa».
 


 
Zelan erakusten deuskun Joan ebanjelariak Jesusen irudia! Zelango sinismena erakusten dauan! Oztopo handiak aurkitzen dauz bere herritarren artean Jesus onartu daien Jainkoaren Seme lez, etortekoa dan Mesias lez, Jainkoak beraganako emoten deuskun bide lez, bizi izan nahi badogu janbeharreko ogi lez... Ahaleginak eta bi egiten dauz Joanek, ikasle maiteak, bere ingurukoei Jesusen irudia aurkezteko, eta harengan sinistera erakarteko. Horixe da bere ahalegina: Jesus sinisgarri egitea bere aldikoei.
Jesusengana hurreratzea, ha onartzea eta harengan sinistea Jainkoaren grazia da; Jainkoak garoaz Jesusengana. Ez da neugandik edo neuretik sortzen. Eta zeozer esan gura dau Jainkoak ni, gu, Jesusengana eroateak eta ez beste ezeinengana Jesusengana baino. Jainkoak apartekotasun bat dauka Jesusengan. Sinisgarria da hau? Gogor egiten jaku hau onartzea, sinistea? Sinistu geike Moisesenganako edo Profetenganako Jainkoaren apartekotasun bat; baina ez Jesusenganako apartekotasuna?
Behar bada, eginda eukiko dogu geure ibilbidea eta eroso gagoz Moisesen Legean, edo Profeten irakatsietan, batez ere Legeaz geuk gura doguna egiten badogu, edo Profetak geuk uste dogun lez badarabilguz... Baina ikusten dogu hori ezin geikela egin Jesusegaz, eta horrexegaitik, behar bada, egingo jaku gatx ha onartzea, harengan sinistea...
Besterik ez bada, hausnartu daigun: Aitak garoaz bere Semeagana, Jesusengana; honek, beste inork ez lez, biztuerea agintzen deusku; profetek iragarria batetera dator, eta Aita ikusi dauana da. Berau da betiko bizia emoten dauana, eta horretarako bere haragia emoten deuskuna jateko. Hau egiten ete jaku, ba, gatx? Ba Jesus dogu zerutik jatsitako ogi bizia, benetako bizia emon daiken ogia. Eta Joanek bere bizikizunetik dinosku: sinistu daiteke honengan.
   
Jorrailaren 25a: San Marko ebanjelaria

San Markosen liburutik  (Mk 16, 15-20)

Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu jaken, eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barriona izaki guztiei. Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu. Sinesten dabenek seinale honeek izango dabez lagun: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».
Holan berba egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde guztietara joan ziran Barriona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan hareekin, egiten ebezan mirarien bidez berbea baieztatuz.

 

Hiru-lau gauza azpimarratu geikez perikopa (edo ebanjelio-txatal) honetan:  Berbiztuak bere ikasleengan uste osoa dau, eta euren esku izten dau berak hasitako eginkizuna; hau da, Erreinuaren iragarpena. Esan geike, honen arabera, beste hauxe ere: Jesus Jaunak geure esku izten dau eginkizun hori. Ez gara ezerezak Jainkoarentzat; uste ona dau gugan. Ea zelan erantzuten deutsogun, ikasleen erantzuna gogoan dogula. Zein esker oneko izan behar izango geuken Jainkoagaz, guganako uste ona agertzen daualako!
Eginkizun horretan (bigarrenik) ikasleek ez dabe bakarrik ikusiko euren burua; lagun izango dabe Jesus, eta harek egiten ebazan ezaugarriek egingo deutsee lagun: deabruak uxatuko dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe... Behar bada, danok eta bakotxak ez doguz ahalmen guztiok eukiko, baina bai ikusten dogula gure artean Jaunaren izenean holango gauza harrigarriak-eta egiten dauzanik.
Gatxago egingo jaku ulertzea beste hau, horraitino: «Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu». Zer esan gura ete dau kondenatu berba horrek? Zelan ulertu behar izango ete dogu? Jesus inor kondenatzera etorri ez bada... Ezin ulertu geike berak inor kondenatzen dauanik. Baina bai beste hauxe: ikasleentzat Jesus da bizitz-iturria; Jesus onartzen dauana argitan dago, bizitzaz beterik dago, salbatuta dago...; baina Jesus ukatzen dauana ilunpetan dago; harengan ez dago bizitzarik, kondenatuta dago; hau da, bizitzatik kanpo, argitatik kanpo, Jainkoaren maitasunetik kanpo.
Eta azkenik, geure esku egon arren eginkizuna, Jesusena izaten jarraitzen dau; geuk garatu behar dogu, baina berak dihardu gure eginkizuna baiezten gure bitartez mirariak eginez.
   
Pazkoaldiko 3. asteko martitzena

San Joanen liburutik  (Jn 6, 30-35)

Aldi haretan, jenteak esan eutsan Jesusi: «Zer ezaugarri egiten dozu, guk ikusi eta Zugan sinesteko? Zer egiten dozu? Gure asabek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoan lez: "Zeruko ogia emon eutsen jaten"».
Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia; nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia; izan ere, Jainkoaren ogia zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsana da-eta».
Orduan, hareek Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik».
Jesusek erantzun eutsen: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinesten dauana ez da behin ere egarri izango».

 
Iruzkina

Joanen ebanjelioko "ogiaren hitzaldi" honetan gogoan hartzekoak dira bere "inguruak": ogia bera, basamortua, Moises, jendea, asabak, mana, gosea... Jainkoaren herriak, Moisesen gidaritzapean, gorriak eta bi jasan behar izan ebazan basamortuan, eta beti ebilen kexu, mormoxetan, Jainkoaren  babespean egoan arren. Zerutiko ogitzat euken "mana", baina laster aspertu ziran haretaz ere.
Bere aldiko juduen "ezaugarri" bat eskatzen deutsoe Jesusi beragan sinistu ahal izateko. Eta ondo daki Jesusek ez ezaugarri bat ez mila emonda ere ez dabela beragan sinistuko bihozbarritzeko gauza ez ziran hareek. Baina bai izten dauala argi ebanjelariak Jesus dala Jainkoaren Herri Barriaren lehen harria; Jesusen inguruan sortuko da herri barri hori, Moisesek Egiptotik ataratako herriak huts emon dau-ta.
Jesusen inguruan sortzen dan herri honek Lege barri bat izango dau; entzungo dau Jainkoaren hitza; ogi biziz janaritua izango da; eta Jesusengan sinistea izango dau bizitz-iturri. Hau ulertzen danean eta onartzen, egarriz eskatu leio Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik». Baina ez daitela izan sabela beteteko eta gose ez izateko, beste ezeren gose ez izateko baino.
Jesus dogu, harengan sinisten dogunok, Jainko Aitak egiten deuskun erregalua, emoten deuskun ogia, salbamenera garoazan berbea. Bera dogu ezaugarria, eta bere inguruan egin geike Jainkoaren Herri  Barria, bere inguruan ezaugarri izango dana. Geu gara, ba, horren barri-emoileak, gure ingurukoen elikadura. Geugan jarri dau Jesusek bere uste ona. Emon deioguzan eskerrik beroenak.
   
Pazkoaldiko 3. asteko astelehena
 
San Joanen liburutik (Jn 6, 22-29)
 
Aldi haretan, itsasoz beste aldean egoan jentea ohartu zan han txalupa bat bakarra izan zala, eta Jesus ez zala ikasleekin ontziratu, honeek bakarrik joan zirala baino. Bitartean, beste txalupa batzuk etorri ziran Tiberiadesetik, Jaunak esker oneko otoitza eginik, ogia jan eben ingurura.
Jesus eta ikasleak han ez egozala ikustean, jentea, txalupetara igon, eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. Itsasoz beste aldean aurkitu ebenean, esan eutsoen: «Maisu, noz etorri zara hona?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabiltze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizia emoten dauanagaitik; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, Berau egin dau-eta Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkoa».
Orduan, itaundu eutsoen: «Zer egin behar dogu, Jainkoak gura dauana egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Hau da Jainkoak nahi dauana: Berak bialdu dauanagan zuek sinestea».

 

 
 
 
Iruzkina
 
Sinismena jokoan jarten danean, sinismena zer dan galdetu geikeo geure buruari, sinistuntzat daukagun buruari. Zer da, baina, sinismena, edo sinistea? Eta, behar bada, guk sinismena egia edo egiazkotzat joten diran esaldi edo nozino batzuk gogora ekarriz azalduko geuke; edo bizitzako egoera beharrezkoetan laguntza hartu dogula erakutsiz, edo... Baina gitxitan jarriko geuke zalantzatan gure sinismena. "Sinismena ala siniskeria da zurea?" —galdetuko baleuskue... Zer erantzun? Eta Jesus holango galderak egiten maisua dogu. Begira zer dinotsen bere bila dabizenei: «Bene-benetan dinotsuet: “Nire bila zabiltze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino”».
Zeozeren beharrizana dau jendeak; daukagu guk; daukat nik... Eta zer aurkitu daiket Jesusengan? Beharrizan batzuk asetzea? Osakuntzea edo benetako osasuna? Nire bizitzako bildur guztiak uxatzea, bildur barik bizi izatea, bakez eta alaitasunez bizi izatea...? Hori ete da sinistea?
Zer esanik ere ez! Jesusek osatu egin ebazan hainbeste eta hainbeste gaiso; hainbeste eta hainbeste pekatariri bihurtu eutsen barru bakea, pekatuen parkamenaz; hainbeste eta hainbeste gizabarritu ebazan, bergizarteratuz eta euren duintasuna berreskuratuazoz... Baina sinismena dinogunean, ez dinogu hori; edo hori baino gehiago dinogu. Sinismenean ez dago jokoan nire gauza bat, neu baino; Jainkoagazko nire hartu-emona.
Jainkoagazko hartu-emon hori Jesusegazko hartu-emonetan gauzatzen da; et hauxe da sinistea, edo Jainkoak gura dauana: Jesus onartu daigula, berari jaramon egin deiogula, uste on osoa beragan jarri daigula... beragan dogu-ta argitasuna, osasuna, bakea, bizia... Bera dogu-ta Aitaganako bidea.
Arduratuko gaitu zer janak eta osasunak ere bai. Baina ardura horreen gainetik egon behar dau neure buruaren ardureak: ni zer naz, norentzako naz, nora noa, eta gero zer...? Ba, guzti horri erantzuteko, edo guzti hori argitzeko..., ez dago Jesusengan uste on osoa jartea baino. Horixe litzateke jaki iraunkorren bila ibiltea.
   
Pazkoaldiko bigarren asteko eguastena

San Joanen liburutik (Jn 3, 16-21)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
Hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago oraindixe, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorri dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto jokatzen dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agerian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak nahi lez eginak dirala agertu daiten».

 
Joan ebanjelariak bere aukera sendora eroan gura gaitu. Joanek ezin dau onartu erdixkakorik Jesusegaz. Ezin geintekez "gris" tonoetan ibili haregazko gure aukeretan. Edo beragaz edo bere aurka gagoz. Edo argitan edo ilunetan gagoz. Edo maite dogu edo gorrotoz bizi gara... Salbamena ez da erdixkako gauza bat, oso-osokoa baino. Eta gure salbamenerako bere bizia emon dauan baten aurrean, ezin geintekez zalantzatan ibili: esker onez hartu behar da bere eskeintza. Ez gaitezan harritu, ba, Joanen hizkera zehatzaz, zuzenaz, onartzea gatx egingo jakun arren, erdixkakoak izaten diralako gure aukerak, jokerak, erantzunak... bildurrak eragindakoak.

Jesusen aurrean maitasun erantzuna bilatzen dau Joanek. Eta maitasuna ez dabil zelan gitxiengo bat emongo, zelan dana emongo baino. Jainkoak dana emoten deusku, maite gaitulako. Bere Semea ez dau gu hondatzeko edo gaitzesteko bialtzen, gu salbatzeko baino. Emon dau harek bere urratsa; emon daiguzan orain guk geureak: jo daigun argitara, erakutsi daigun gure egiteak argitara atarateko langoak dirala; ez gaitezan ilunpetan ibili, gure egiteetaz lotsatuta. Bizi izan gaitezan berbiztu lez, argiaren seme-alaba lez, esker oneko lez...

Geure burua hondatzen dogu Jesus onartzen ez badogu, Jainkoa bera ukatzen dogu-ta. Ala geuk nahi dogu salbatu geure burua, inor ere barik, horretarako ahalmena geuk bagendu lez? Ahaltsuak gara, ezin ukatu geike hori. Baina gure ahalmenak, Jainkoaren maitasun barik, argitasun barik, ilunpetara, gorrotora eta senidea hiltera garoaz, geure burua besteen gainetik ataratearren. Geuk hondatzen dogu geure burua.

Egin daigun Jesusen aldeko aukerea; urten daigun argitara; ez gaitezan bildur izan gure egintzak dirala-ta... Argitara urteten badabe, ataraten badoguz, laster hasiko dira aldatzen eta izango dogu salbatuen poza. Jar daigun gure uste on osoa Berbiztuagan.
   
Pazkoaldiko 2. asteko martitzena

San Joanen liburutik (Jn 3, 5.a. 7b-15)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori: «Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro jaioten ez bada».
Nikodemok itaundu eutsan: «Zelan jaio daiteke norbait, ordurako zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?»
Jesusek erantzun eutsan: «Bene-benetan dinotsut: Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsuedalako. Haizeak edonondik joten dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaio danagaz».
Nikodemok itaundu eutsan: «Zelan jazo daiteke hori?»
Jesusek erantzun: «Zu maisu zara Israelen eta ez dakizu hori? Bene-benetan dinotsut: Guk dakiguna esaten dogu eta ikusi doguna autortzen; baina zuek ez dozue gure autormena onartzen. Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez badozue, zelan sinestuko deustazue zerukoak esatean? Ez dau inork zerura igon zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien».
«Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsuedalako»

Jesusek ez dau inor harritzerik nahi bere berbez. Behar bada, harritzen bagara, ondo ulertu ez doguzelako izango da. Jesusek lehengo, Itun Zaharreko, irudiak darabilz, eta haietaz jabetu behar izango da lehenengo, ulertu gura badogu.

Jaiotza barriak barrura garoaz, sakonera; ezin geintekez azaletik ibili zeruetako erreinuan sartzea gura badogu. Ez eta ezin geintekez geure buruaren arabera ibili ere; behar-beharrezko dogu Espirituaren esanetara jartea, berak erabil gaizala bere haizetan, eta ez haizeak horbela darabilan lez, Jesusen ikasle eta autorle lez baino.

Apaltasunean hurreratu behar izango dogu, ba, Jesusengana, gure ilunpeak argitzeko asmotan, bere irakatsietan oinarritzeko asmotan, bere esanetara jarteko asmotan, eta lurreko gauzetatik haratago joateko asmotan. Hau da: Jesusen ikasle izatera heldu behar izango dogu, eta haren irakatsiak norberetu eta bizitzaratu.

Ez da izango nahikoa, ba, hartu doguna betetea eta, halan dala-ta, ondo gabizela uste izatea, gure aurretikoek ere horixe-edo egin dabela-ta. Jesusen ikasle geuk izan behar izango dogu; geuk ulertu behar izango dogu gure sinismena, eta geuk jakin behar izango dogu haren barri emoten, Jesusen testigu izaten... Eta geuk ulertu behar izango doguz Jesusek darabilzan irudiak: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien». Horretarako, Idaztienganako zaletasuna behar dogu, euretan Jesusegaz topo eginez gure sinismena argitzeko, geuretzeko eta autortu ahal iuzateko.
   
Pazko zortzihurreneko zapatua

Iruzkina
 
Markosen ebanjelio honetan beste ebanjelioetan agertzen diran gauzak laburbatzen dirala uste izan daiteke: Joanenean Magadalako Mariari agertzen jako Berbiztua, Lukasenean ikasle bi doaz Emaus izeneko auzora... eta ez dino Pedrori agertzen jakonik, eta bai, ostera, ikasleei euren burugogorkeria eta sinisbakokeria aurpegiratzen deustsela...
 
Lehentasuna Maria Magdalenak hartzen dau, eta bere berezitasunen bat ere agertzen deusku: «zazpi deabru atara eutsazana» da. Bizitzaldian mesede handia egin badeutso, biztueran ere beragaz dauka lehentasuna ebenjelio honetan. Berau da barri-emoilea eta triste ta negarrez egozan ikasleen ez-sinistea jasan behar dau orain.
 
Jesusen agerpena hartzen daben beste bi ikasleek ere horren barri emotera doaz. Oraingoan ez da emakume bat barri-emoilea, ikasle bi baino. Baina besteek bardin erantzuten dabe: ez dabe sinisten. Maria Magdalenari Berbiztua agertzen jako eta pozarren doa barri enmtoera; ikasle bi harei ere agertu agiten jake Berbiztua, eta haren barri emotera doaz. Badirudi Berbiztuagaz topo egiten dauanak horren barri emotearen beharra sentitzen dauala; baina baita besteen sinisgogorkeriaz aurkitu behar dabela ere.
 
Berbiztuagaz topo egin behar da, honek sinisgogorkeria aurpegiratzen badau ere, sinisteko. Sinismena norbere gauzea da, ba; Berbiztuari norberak erantzun behar deutso, bakarrean, laguntzaz edo alkarregazko alkartasunean; baina norberak aurkitu behar dau Berbiztuagaz, eta harek norbere erantzuna itxaroten dau.
 
Ez da, ba, gauza erreza, sinistea. Aparteko giro bat behar da: Berbiztuagaz topo egitea, alkar berotzea, burugogorkeriak iztea, norberetik edo aurretiko siniskerietatik urtetea... Elizeak, ba, edo talde txikiek-eta, badauke euren eginkizunik Berbiztuaren barri zabaltzeko, autortzeko eta ospatzeko, beste batzuk ere sinismenera hurreratu daitezan. Eta, danen gainetik, norberak emon behar deutso norbere erantzuna Berbiztuari, haregazko topo egitearen barri-emoile bihurtuz.

 
«Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei»

San Markosen liburutik (Mk 16, 9-15)
 
Astearen lehenengo egunean, goizean goiz, bizturik, Maria Magdalenari —zazpi deabru atara eutsazanari— agertu jakon Jesus lehenengo. Ha Jesusegaz bizi izan ziranei barri emotera joan zan, triste eta negarrez egozan-eta. Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinestu.
Ondoren, ikasleetako biri agertu jaken, beste itxura batean, auzo batera bidean joiazala. Honeek ere besteei barri emotera joan ziran; baina honeei ere ez eutseen sinestu.
Azkenean, Hamaikei agertu jaken, mahaian egozala, eta aurpegira bota eutsezan euren sinesbakokeria eta burugogorkeria, bizturik ikusi ebenei sinestu ez eutseelako. Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei».


Sal 117, 1 eta 14-15. 16bc-18. 19-21
R/. Eskerrak Zuri, Jauna, entzun nozulako.
 
edo Aleluia.
 
Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
Haren maitasuna betikoa da-eta.
Nire indar eta nire kemen Jauna,
Bera da nire salbamena.
Poz eta garaipen-oihuak
zintzoen etxolan. R/.
 
«Jaunaren eskumeak nau jaso,
Jaunaren eskumeak bizkor dau jokatu».
Ez naz hilgo, bizi baino,
Jaunaren eginak nik oihu egingo.
Zigortu nau Jaunak, zigortu,
baina ez nau heriotzaratu. R/.
 
Edegi niri zintzotasunaren ateak,
hortik sarturik emon deiodazan Jaunari eskerrak.
Hau da Jaunaren atea,
zintzoak sartuko dira aurrera.
Eskerrak Zuri entzun nozulako,
salbamen zaiatazalako. R/.
Pazko zortzihurreneko barikua


Iruzkina

Pazkoetako Jesusen agerpenek nora-ezean izten gaitue sarri baino sarriagotan. Gure adimen-eran hil dana ez da gure artean, lehengo gorpuzkeran, behintzat; beste neurritasun baten da, Jainkoaren neurritasunean esango geuke. Honek ez dauka ikutzeko erako gorputzik, haragirik; ezin dau jan, edo... Ez da lehengoa, ber-bera izan arren. Eta horrexegaitik egiten jakuz ulergatxak agerpen pasarte honeik. Baina hortxe dagoz; eta egiazkoak dira guretzat. Galdetu beharrekoa, ba, zein dan testuok eskutatzen daben egia, eta agertu gura daben egia.

Kendu deutse Jesus, Maisua eta Laguna. Eta, Joanen esanetan, ikasleak "lehengora" bueltatzen dira: euren itsas-lanera (itsastarrak ziranak). Ez dakigu besteen barri. Baina hareik ere lehengora bueltatuko ziran. Baina han, lehengoan, ez dira lehengoak. Han Jesus agertzen jake: kendu deutsen Jesus, orain Jauna dana, hildakoa berbera agertzen jake bizirik.

Eta beste batzuetan Berbiztuak ez deutsela gauza barririk ekarten, lehengoak gogoratzen baino, esaten deuskuen arren, gaurko pasarte honetan argi utzi gura dauana euren artean dagoana Jesus ber-bera dala da, eta beragaz mahaian egon dirala.

Guk gehitxoago ere aurkitu geike: Jesus barik hareen bizitzan gaua da, ez dabe ezelango etekinik ataraten... Jesusegaz aldatu egiten dira gauzak: egunsentia egiten da hareen bizitzan, arrantzu ederra harrapatuko dabe... Eta Jesusek berak deitzen deutse bere ingurura, berak mahaia gertatuta daukala; baina eurenetik ere jarri behar izango dabe: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetako batzuk».
 

«Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetako batzuk»


San Joanen liburutik (Jn 21, 1-14)

Aldi haretan, barriro agertu jaken Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honan jazo zan agerpena. Alkarregaz egozan Simon Pedro, Bikia eritzon Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. Simon Pedrok esan eutsen: «Arrantzura noa». Besteek erantzun eutsoen: «Zugaz goaz geu ere». Urten eta ontzira igon eben. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu.
Eguna argitu ebanean, ur-ertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutsen: «Mutilak, ba al dozue jatekorik?» Hareek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txalupearen eskumaldera eta aurkituko dozue». Bota eben, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea atarateko gauza.
Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutsan Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzun ebaneko, soinekoa jantzi (erantzia eban-eta) eta salto egin eban uretara. Beste ikasleak txalupan etorri ziran, sarea arrainekin arrastaka ekarrela, lehorretik hurrean egozan-eta, ehunen bat metrora.
Lehorrera jatsi ziranean, su-txingarrak ikusi ebezan eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetako batzuk». Igon eban Simon Pedrok ontzira eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zan sarea urratu. Jesusek esan eutsen: «Etorri gosaltzera». Ikasleetako inor ez zan ausartzen nor zan itauntzera, baekien-eta Jauna zana. Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina ere.
Hirugarren aldia izan zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ondoren, ikasleei agertu jakena.



Sal 117, 1-2 eta 4. 22-24. 25-27ab
R/. Etxegileek baztertutako harria, berori jazo da giltzarria.


Edo Aleluia.

Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
Haren maitasuna betikoa da-eta.
Israel etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan begie Jaunaren bildur direnek:
«Haren maitasuna betikoa». R/.

Etxegileek baztertutako harria,
berori jazo da giltzarria.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunak egin dauan eguna,
gu pozteko eta alaitzeko eguna. R/.

Emon, Jauna, salbamena,
emon, Jauna, zoriona.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena,
bedeinkatzen zaituegu Jaunaren etxean.
Jainkoa da Jauna, guri argi egin deuskuna. R/.
   
San Lukasen liburutik (Lk 24, 35-48)

Aldi haretan, Emausko ikasleek bidean jazotakoa kontatu eben eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben Jauna.
Horretan ziharduela, Jesus bera agertu zan ikasleen erdian eta esan eutsen: «Bakea zuei». Hareek, bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ebela uste eben. Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik izutzen zaree? Zergaitik sortzen jatsuez zalantza horreek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Neu naz. Ikutu nagizue eta begiratu: mamuak ez dau hazur-haragirik, eta Nik bai, ikusten dozuenez». Eta hau esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan.
Hareek, ostera, euren pozetan oraindino ere ezin sinesturik eta harriturik egozan-eta, Jesusek esan eutsen: «Ba al dozue hemen jatekorik?» Arrain erre piska bat eskeini eutsoen.
Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. Gero, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekin nengoala, esan neutsuena: Moisesen Legean, Profetetan eta Salmoetan Nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».
Orduan, adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu egiezan. Eta esan eutsen: «Idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihozbarritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuek zaree gauza honeen testigu».



Sal 8, 2ab eta 5. 6-7. 8-9.
R/. Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena lurbira osoan!


Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!
Zer da gizakia, Zu haretaz gomutau zaitezan?
Edota gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan? R/.

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,
ospez eta aintzaz koroatu dozu.
Zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
guztia oinperatu deutsazu. R/.

Ardi eta idi guztiak;
gainera, lurreko abere guztiak;
eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak;
itsas bidexketan dabilzanak. R/.
«Zeuek zaree gauza honeen testigu»...

Makala ardurea! Izugarria eginkizuna! Baina... ez ete da harrigarriagoa Jesusek bere ikasle sinisgogorrengan agertzen dauan uste ona?

Behin baino sarriagotan agertzen da ebanjelioetan Jesusek argi eta garbi agertzen eutsela ikasleei Mesiasek (Gizonaren Semeak) hil egin behar ebala eta hirugarren egunean biztu egingo zala... Baina, zer ulertuko ete eben Jesusen ikasleek? Argi dago beste alde batera begiratzen ebela holangoak azaltzen eutsezanean. Ulertu gura eza agertzen ebela. Baina aurretiaz esandakoaren eguna heldu egin da. Eta?

Gogor egin jaken Jesusen heriotzea. Gogor egiten jake harek itzitako hutsena. Eta, badirudi, gogor egiten jakela baita euren erdian Jesus agertzea ere. Aurretik sinisgogorrak agertu zirelako? Heriotza-unean bertan behera itzi ebelako? Emondako berbea (ez zaitut itziko heriotzara joan behar badot ere...) bete ez ebelako? Zenbat gauza darabilen biraka euren bihotzean eta buruan. Ezin emon daikeoe egiatasunik ikusten dabenari: euren artean dago Jesus! Eta lehengoa izan arren (leheengo gauzak gogoratzen deutsez), ez da lehengo-lehengoa...

Zelan edo halan agertu gura dau ebanjelariak lehengoa dala, lehengo-lehengoa izan barik, eta hazur-haragiak daukazela dinotse, jatekoa eskatzen deutse... Baina adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu egiezan. Ardao barria ezin daiteke zaragi zaharretan gorde, lehertu egingo dira-ta.

Ikus-entzuten dabena ezin daiteke norberetu, lehertu barik, norbera dan zaragi zaharra barritzen ez bada. Jesusek argitu egin behar deutse adimena euren begiez ikusten dabena eta entzumenez entzuten, bihotzean hartu ahal izan daien, eta inguru guztietara zabaltzeko gauza izan daitezan.


Orain arte ikasle izan badira, eta ikasle ez hain onak, antza, ea hemendik aurrera zelango autorleak izango diran...

Behar bada, oraindik aurrera, orain arte baino gogotsuago edo arretatsuago aztertuko dabez Idazti Deunak (Liburu Santuak) eta gartsuago egingo dabe otoitz, eta Espirituaren eraginei esanekoago izango jakez... Berbiztuagaz topo egiteak guztiz, goitik-behera, kanpotik barrura, oso-osoan aldatu eta barritu ditu.
   
© 2018 ALKARRIZKETA DA BAKERAKO BIDEA